Denis Etcheverry karrika, 17
64100 Baiona
Aitzinaldean letra larriz euskaraz margoturik: “Hemen sartzen dena bere etxean da”. Harrera-erranaldi hau eremu publikoan kokatzea hautatuz, Sebas Velasco eta Xabier Anunzibai artistek erran-moldearen etxeko erabilera tradizionala uzkaili dute, garrantzi politiko eta unibertsala emateko. Hemen, denak dira ongi etorriak —edozein izan dadin jatorria—.
Obrak hainbat erregistro bisual uztartzen ditu. Emazte gazte baten potreta errealista, aurpegia ñabardura gorriz argitua, Baionako Euskal Museoan atzeman afixa zaharretan inspiratu elementu grafikoekin batera ageri da. Leiho bat, eguzki estilizatua, itsas lerroak, tipografiak… Denak etxea eta lurraldea, intimitatea eta identitate kolektiboa gogorarazten du.
Sebas Velascok margotu zuen irudia, eta Xabier Anunzibaik tipografia osatu. Elkarrekin, fresko sentikorra eta errotua sortu zuten, karrika horretan sartzen diren guziei egin harrera adierazpena.
Obrak “etxe irekia” proposatzen du, historiaren, hizkuntzaren eta hiri-bizitzaren arteko bidegurutzean.
Sebas Velasco Burgosen (Espainia) sortu zen 1988an. Margolaritza klasikoa ikasi zuen eta grafitia; gaur egun bere belaunaldiko horma-artista ezagunenetako bat da. Bere obrak errealismo piktorikoa, potreta indartsuak eta gaueko hiri-giroak nahasten ditu, argiari eta arkitekturari arta berezia eskainiz. Nazioartean ari da, eta gaur egun Donostian bizi eta lan egiten du, non errealitatearen ikuspegi poetiko bera partekatzen duten artista talde bat bildu duen.
Xabier Anunzibai Donostian bizi den artista bisuala da; tipografia, hiri-seinaleak eta tokiko kode grafikoak aztertzen ditu. Euskal kulturari biziki atxikia, letrak forma eta sinbolo bihurtzen diren konposizioak sortzen ditu. Sebas Velascorekin egin lankidetzak zentzu osoa du: elkarrekin irudia eta hizkuntza, memoria eta egungo gertaerak elkarrizketan jartzen dituzte.
Biak Hego Euskal Herrikoak dira eta obra honetan parte hartu dute Bidasoaren bi aldeen, beren erro kulturalen eta Baionako lurraldearen arteko zubia eraikitzeko.
Dena Euskal Museoaren bisita batekin hasi zen. Bildumak ikertzen ari zirela, Sebas Velascok eta Xabier Anunzibaik erranaldi tradizional bat grabatua zuen zurezko pankarta bat aurkitu zuten: “Hemen sartzen dena bere etchean da”.
Baina xehetasun batek beren arreta bildu zuen: “etchean” hitzak lehengo ortografia zuen, frantsesezko “ch” batekin. Aldaera hori ez da neutroa, historia konplexu baten lekukoa da, anitzetan baztertua edo kanpoko estandarren arabera transkribatua den hizkuntza batena.
Dudak sortu ziren. Hego Euskal Herriko bi artistek ez zuten hautu grafiko bat inposatu nahi ulertu gabe. Horregatik, ikerketa labur bat egin zuten: orduan Euskal Museoko zuzendari zen Raphaël Zulaika galdezkatu zuten baita auzoko biztanleak ere. Forma ortografiko horrek tokiko historiaz eta bertako sentsibilitateez dioena ulertu nahi zuten.
Azkenean, “etxean” “x” batekin idazteko hautua egin zuten, egungo euskara batuaren ortografiaren arabera. Ongi pentsatu keinua, bizidunekiko, hizkuntzarekiko eta gaur egungo hiztunekiko errespetua erakusten duena.
Ikerketa, entzutea, memoria eta sorkuntza uztartuz, artistek gauza sinplea eta funtsezkoa dioen obra sortu dute: “Hemen sartzen dena bere etxean da”.