Cabotte karrika,
64100 Baiona
Barne Bidaiarekin, Elzarra mosaiko-egileak eskailera bat pasabide sentikor bihurtu du, bai fisikoki bai sinbolikoki. Obra trantsizioan dagoen auzo baten parte da, ibaitik hurbil; herritarrek eta bidaiariak usu ibiltzen dira hortik.
Zuri eta beltzez egina, freskoak ibilbide baten logika segitzen du: itzaletik argira iragaten da. Eskailerak igatean, oinezkoak argi-ilun poetiko bat zeharkatzen du, eta bilakaera pertsonala zein kolektiboa gogorarazten. Lurrean, mosaiko zatiak hainbat historia zati bailiran batuak dira —lauzak, mirailak, berrerabili objektuak—, eta bakoitzak oroitzapen bat darama.
Konposizioaren erdian txertatu bieira handi batek Compostelako Jondoni Jakue bideko beilariak oroitarazten ditu, eta obra bidaia eta zentzuaren dimentsio unibertsalean finkatzen du. Mosaiko diskretu baina indartsu horrek eguneroko urratsak barne-bidaia bati lotzen ditu.
Emekitzera, behatzera, mementoaren bizitzera gonbidatzen du.
Elzarra Baionan bizi da eta mosaiko-egile engaiatua da; bere obretan ekaiei eta tokiei bigarren bizitza ematen die. Bere freskoak berrerabilitako lauzekin, objektu puskekin eta berreskuratutako mirailekin osatzen ditu, eta artaz juntatzen ditu egunerokoaren poesia agerian uzteko. Mosaikoen bidez, oinezkoen, lekuen eta haien istorioen arteko lotura sortu nahi du.
Artelanak nazioartean garraiatzeko proiektu-buru izan zen, Euskal Herrian aireko dantza eskola bat sortu zuen, hots, Elzarra artista ibilbide aniztunekoa da. Mugimenduaren, gorputzaren eta eszenografiaren esperientziak eremu publikoa bizitzeko manera zuzentasunez elikatzen du.
2021az geroztik, Baionan, Kanbon edo Angelun hainbat proiektu aipagarri sortu ditu. Bere obra bakoitzak errotzea, memoria, hauskortasuna eta konpontzea galdekatzen ditu. Bere estetika sentsibleak iraganbideak harreman-lurralde bihurtzen ditu, jestu artistikoaren, materialaren eta komunitatearen arteko lotura sortuz.
Voyage Intérieur obrarekin, obra isila proposatzen du, meditaziora eramaten duena, hiri-artearen eta arte sakratuaren mugan.
Le Voyage Intérieur eskailera diskretu batetik sortu zen, anitzetan batere kasu egin gabe zeharkatua, geografia berezia duen karrikarte batean kokatua. 2024ko Points de Vue festibalerako, zuzendaritza artistikoak artista batzuei sortzeko eragozpen bat proposatu zien: zuri eta beltzez lan egitea. Orientazio soila baina indartsua, beraz, eta Elzarrari argiari, irakurgarritasunari eta intimoari buruz gogoeta sakontzeko parada eman zion.
Lehen lerroa marraztu aitzin, Elzarrak ikerketa historiko sakona egin zuen. Herriko artxiboetara joan eta Baionako Hiriko Arte eta Historia Ordezkaritzarekin harremanetan jarri zen ulertzeko karrikarte hori nola aldatu den denboran zehar, zirkulazio nagusietarik urrun. Memoria lan horrek bere proiektua elikatu du, iraganaren eta orainaren arteko jarraipen sentsible batean sartuz.
Bertan bildu ditu bizilagunek eman bilketako ekaiak, objektu eta lauza puskak. Pieza bakoitza eskuz ezarri du, zehaztasunez, patarraren, itzalen eta lekuaren erritmoaren arabera. Egunak joatearekin, obrak ikusmina piztu du: oinezkoak, auzoak eta haurrak bizi-bide baten gisa eraikitzen ari zen obrari so egon dira.