Are You Ready? obrarekin, Deih artistak pareta bat mundu paralelo baterako portale bihurtu du. Pertsonaia androgino batek, arnesak eta kaskoa jantzirik, dimentsio ezezagun batera jauzi egiteko prest iduri du. Gibeleko planoa forma geometrikoz eta kolore biziz josia da, komikien estetika eta bideo-jokoen irudimen numerikoa oroitarazten du.
Ez da ekintza-eszena sinplea, baina obra honek abenturarekiko, aldaketarekiko eta errealitatearekiko dugun harremana galdekatzen du. Artistak galdera zuzena sartu du, kasik intimoa: Prest ote gaude? Mundua bestela ikusteko prest? Beste aldera iragateko prest? Gure buruak proiektatzeko prest?
Baionako auzo horretan Deih-ren freskoa arraildura bat da balizko etorkizun bati buruz irekia –bestela jokatzeko gonbita–.
Jatorriz Valentziakoa (Espainia), Deih diziplina anitzeko artista da, ilustrazioa, animazioa eta horma-irudia uztartzen dituena. Badu hamabost urte baino gehiago mundu grafiko paregabea sortzen duela, zientzia fikzio introspektiboaren eta cyberpunk estetikaren artean.
1980ko eta 1990eko hamarkadetako kultura bisualak (komikia, serieak, genero-zinema) eragin handia ukan du harengan; Moebius eta Enki Bilal autoreen eragina aldarrikatzen du, eta aldi berean ikuspegi garaikidearen parte da.Bere pertsonaiak maiz bakartiak dira eta zentzu bila dabiltza, paisaia mental lehertuak zeharkatzen dituzte, non errealitatea bitan zatitzen baita, arrailtzen baita edo existentziaren beste plano batzuetara irekitzen.
Deih artistak ez ditu superheroiak margotzen: irudi iragankorrak, beste nonbaiterako bidean dauden arimak gorpuzten ditu. Bere lana ikusgarria eta existentziala da, non irudiak barne-miraila gisa jokatzen duen.
Obra hasi eta denbora gutira, gorabehera tekniko batek prozesua gelditu zuen: Deih lanean ari zen garabia panan gertatu zen, eta oren batez airean gelditu zen. Lasai eta kontzentratua gelditu zen artista, eta segurtasun osoz jausteko aterabide bat atzeman arte beha egon zen.
Lurreratu ondoan, artistak eskua kopetan ezarri zuen —keinu sinple eta kasik erreflexuzkoa—, mementoaren intentsitatea eta berriz lurrean izatearen gozamena adierazten zuena. Keinu horrek taldea eta artistak irri eginarazi zituen eta festibaleko barne-solasaldian partekatuz jostatu ziren.
Bertan, oinezkoek, eskoletako haur taldeek, baita boluntarioek ere freskoaren aitzinean argazkia hartu zuten, artistaren jestua imitatuz.
Tentsio tekniko labur hori oroitzapen partekatu bihurtu zen, obraren inguruko lotura alai bat —eremu publikoko sorkuntza ustekabekoz, irriz eta jendeen arteko loturaz betea da!—
Baina Are You Ready obrak izpirituak markatu ditu Balichon auzoa baino aise haratago.