Alberto Rucek Kaskarotak obrarekin fresko intimo eta sinbolikoa sortu zuen, eraldatzen ari den euskal tradizioaren omenez. Uztaritzeko “kaskarot martxan” inspiratua —lurraldetik kanpo oraino guti ezagutua den ihauteri-prozesioa—, obrak kultura bizi eta aldakorra ospatzen du, beti bere garaiarekin harremanetan.

Jatorriz, kaskarotak gizon gazteak ziren, herrietan gaindi ibiltzen zirenak emazte baten bila, iragate-erritua, diru bilketa eta besta uztartuz. Praktika hori pixkanaka berrinterpretatu da, eta gaur egun Izartxo taldeak segitzen du eta tradizioa iraunarazten adierazpen-forma berrietara irekiz. Orain, kaskarotek udaberria heldu dela jakinarazten dute eta besta-ondarearen transmisioa bermatzen dute dantza, musika eta eskearen bidez.

Edizio horretan, lehenbiziko aldiz, neska gazteak sartu ziren jende-lerroan, ez protesta gisa, baizik eta parte hartzeko zuten gogoak bultzaturik. Bilakaera eta irekidura seinale azkarra, eta artistak hori nabarmendu nahi izan du.

Kaskarotak obra, beraz, mugimenduan dagoen ondare baten itxura da, bere erroei leial baina etorkizunari irekia.

1988an Sizilian sortua, Alberto Ruce muralista da, eta bere pintura-mundua ametsaren, oroimenaren eta ezabaketaren artean dabil. Grafitietan hasi zen autodidakta gisa, eta pixkanaka ikuspegi piktorikoago batera buruz joan, Parisko Arte Ederretako Tailerrean egin formakuntzak elikaturik. Marseillatik, gaur egun bizi den tokitik, lantegian zein eremu publikoan heda daitekeen obra sortzen du.

Rucerekin, deus ez da frontala:  bere pertsonaiak materiatik ateratzen direla iduri du, zintzilik diren oroitzapenak bezala. Gardentasunarekin, metaketarekin eta tonu berekin jostatzen da, estetika sotil batean, non pinturak ez baitu estaltzen, baizik eta agerian uzten. “Ene potretak estalirik baitira, ikusleak behartzen ditu obraren ulertzeko prozesuan parte hartzera”, esplikatu du.

Bere testuinguru-ikuspegiak garrantzi handia ematen dio euskarriari:  pareta zaharrak, harriak, kartoiak edo oihalak obrako kide bihurtzen dira. Karrikan entseatzen da bere irudien eta lekuen historiaren arteko elkarrizketa baten sortzera.

Fresko bakoitza jestu delikatu bihurtzen da, lurrean errotua eta aldi berean joankorra da, mundua zuhurtziaz eta poesiaz bizitzeko manera bat.