2022an sortua Points de Vue festibalaren karietara, L’attente fresko monumental diskretua da, baina magnetikoa. Baionako zentro historikoko eraikin sailkatu baten paretan, artistak gibeletik ikusi neska gazte bat margotu du, zutik, lasai, kasik maneratsu.
Publikoaren begirada ile-tutulatik, agerian den lepondotik eta jantzien elegantzia sinpletik iragaten da. Ez dakigu pertsonaia hori nor den: aurpegia kukutua du. Hautu hori ez da batere anekdotikoa, kontrara, obraren indar isilaren parte da. Ez da istorio zehatz bat kontatzen, baina emozio partekatu bati forma ematen dio: igurikatzearena, barne-proiekzioarena, gelditua den denborarena.
Arkitektura neoklasikoa duen ate zahar batean egin izanak, eszenaren seriostasuna areagotzen du. Figura xoko sakratu batean kokatua dela iduri du, Antzinaroko estatua baten gisa. Zain da. Beha da. Eta ikusleari gibeletik begiratzea inposatu zaion honetan, emekitzera, behatzera, beste erritmo batean sartzera behartzen da.
Jestu piktoriko delikatu hau AOIZaren (Arkitekturaren eta Ondarearen Interpretazio Zentroa) hurbiltasunarekin bat dator,
arkitektura-memoriaren eta behako garaikidearen arteko zubi baten gisa.
L’attente obrarekin, Elisa Capdevilak emazteen sentsibilitatea hiriko harrietan finkatu du, zuhurtziaz eta zehaztasunez. Jestu azkarra, baina ezti-eztia.
Bartzelonan sortua, Elisa Capdevila margolariak La Llotja Marrazketa eta Margolaritza Eskolan ikasi zuen, Kataluniako instituzio artistiko zaharrenetako batean. Eremu publikoan egiten duen lana ezaguterraza da, geldituak diren mementoak biltzen baititu, usu intimoak, eta fintasun handiz eta ahalmen emozional handiz erakusten baititu. Hiri-artearen arloan lan eginik ere, bere obra margolaritza klasikoaren kodeetan oinarritua da: konposizio orekatua, argiaren maisutasuna eta azal-tonuen eta oihalen tratamendu sotila.
Capdevilak begirada humanista batekin irudikatzen ditu gorputzak: maiz emazteen siluetak dira, ez dute xarmatu nahi baina osoki existitu, beren barnekotasunean. Eszena hauek hiri-eremuetara eramanez, elkarrizketa bat sortzen du intimoaren eta publikoaren artean, egunerokoaren eta unibertsalaren artean.
Bere ikuspegi piktoriko delikatuak pareten eta betoiaren gogortasunarekin kontrastatzen du, eta jestu muralari bere dimentsio poetikoa itzultzen dio.
Europa eta Latinoamerikako festibal anitzetara gonbidatua, Elisa Capdevila arte figuratiboarekin berriz konektatzen ari den artista-belaunaldi berriaren parte da, mundua bestela kontatzeko, erakustaldirik edo probokaziorik gabe.