Baionako Turismo Bulegoa
Euskaldunen plaza, 25

Donapaleun hiru asteko egonaldia egin ondoan, non uso baten hegaldia erakusten zuen horma-irudi ibilbidea egin baitzuen, Madrileko Taquen artistak hari sinboliko hori segitu du Baionan El Proceso izeneko freskoarekin. Turismo Bulegoko pareta garaikideen gainean, mugimenduan den uso saldo bat irudikatu du.

Euskal Herriko hegazti migratzaile enblematiko horren irudia pasaiaren metafora arina eta isila bihurtu da:  hegaztiena, bistan da, Pirinioak hegoalderantz zeharkatzen baitituzte, baina baita jendeena ere. Iragate-lekua den Turismo Bulegoa hautatuz, Taquenek abiapuntuaren, helmugaren eta pasaiaren dimentsioa azpimarratu du, eta migrazio mota orori lotu —izan borondatezkoa, turistikoa edo behartua—.

Eraikinaren alde batean, formak eta koloreak nabarmenak dira, kasik argiak landuak; beste aldean, gardena bilakatu arte desagertzen dira, eguzkiaren bidea eta Gayet Roger Arkitektoek diseinatu eraikinaren geometria lagunduz. Obra diskretua baina sentsiblea, behatzeko denbora hartzen duenari emeki-emeki agertzeko diseinatua.

Madrilen sortua, Taquen artista bisuala eta muralista da, eta bere obrak izaki bizidunen arteko oreka, trantsizioa eta lotura nozioak aztertzen ditu. Usu bertan sortu freskoek geometria eztia eta faunaren irudikapen estilizatuak uztartzen dituzte, bereziki txoriak, askatasunaren, mugimenduaren eta pertenentziaren sinbolotzat baititu.

Arte grafikoak ikasi zituen, pareta-hizkuntza garbia eta poetikoa garatu du, non pintura-jestuak figurazio iradokizunari lekua uzten baitio, buruz buruko figurazioari baino gehiago. Bere ikuspegiak beti errespetatzen ditu margotzen dituen lekuak: bere obrak arkitekturak, argiak, denborazkotasunak eta tokiko memoriak elikatzen dituzte.

Taquen erregularki gomit da Europako eta Hego Amerikako festibaletara. Beren praktika izaki bizidunekin eta eremu publikoarekin errespetuzko harreman batean errotu nahi duten hiri-artisten belaunaldi horretako kidea da.

Taquenek proposatu zuen lehen proiektua anbiziotsua zen: alimaleko margolana, aitzinaldea lurretik teilaturaino estaliko zuen koloreen mailakatze handiarekin. Eraikina itxuraldatua izanen zen.

Turismo Bulegoko taldeak eta lekuaren ardura zuten arkitektoek sostengatu zuten, baina kezka zerbait sendi zen bisualki ukanen zuen emaitzari buruz. Biziegia? Erradikalegia zentroan den gune baterako?

Tentsio testuinguru horretan, kasik denbora errealean, artistak bere obra osoki berriz pentsatu zuen. Zenbait orenez, arrunt beste obra bat proposatu zuen, soilagoa, sotilagoa, baina arrunt berria ere bere praktikan:  pagauso saldo bat, denak esku hutsez margotuak, marra bakarrean, pintzela sekula altxatu gabe.

Nahizko oztopo horrek pintura-jestua performance bihurtu zuen. Kontzentrazio osoa, gorputzaren kontrol handia eta marran konfiantza osoa galdatzen zituen. Taquenentzat arrisku hartze bat izan zen. Guretzat, pario bat.

Eztabaida asko egin izan behar ziren, etengabeko egokitzea, eta artistak memento egokian forma egokia aurkitzeko duen gaitasunean fede partekatua.

Obraren bukaeran, zalantzak ebidentziari utzi zion lekua. Obrak bere lekua atzeman zuen Euskaldunen plazan.